LEHIAKETAREN OINARRIAK: ESKALA SAN MARKO

Deialdi irekia.

San Markoko Mankomunitateak (Gipuzkoa) antolatzen du lehiaketa, irabazi-asmorik gabeko Ecoembes eta Ecovidrio erakundeekin elkarlanean. Etxean sortzen ditugun hondakinak behar bezala bereizteko premiaz jendea kontzientziatzea du helburu lehiaketak. Deialdia irekia da, eta banaka zein taldeka egindako lanak aurkez daitezke, betiere hondakinak egokiro bereizi beharra sustatzea helburu dutela. Lehiaketarako hautatutako lanak (24) San Markoko Mankomunitatearen barrutiko eremu publikoetako eskailera eta harmailadietan erakutsiko dira 2019ko apirilean eta maiatzean.

Lehiaketaren oinarriak publikoak dira, eta Mankomunitatearen webgunean daude kontsultagai. Lehiaketaren berri zabaltzeko, Espainiako estatu osoko diseinu grafikoko eskolei eta arte ederren fakultateei eman zaie lehentasuna, kalitateko eta maila artistiko egokiko lanak jasotzearren.

Lanak noiz aurkeztu behar diren.

2019ko urtarrilean eta otsailean.

Parte hartzeko baldintzak.

  • Adinez nagusia izatea.
  • Lehiaketaren gaiari lotzea: hondakinak gaika jasotzea eta birziklatzea, arreta berezia jarrita bide publikoetan dauden edukiontzi hori, berde eta urdinetan jasotzen diren bilgarri eta ontzietan. Gai horien bilketari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu erakundeen webguneetan (https://www.ecoembes.com eta https://www.ecovidrio.es/) eta Mankomunitatearenean (http://www.sanmarkos.eus). Zenbait ideia jaso daitezke webgune horietatik, eta haietako bakoitza nahiz guztiak inspirazio-iturri gisa erabili, lehiaketarako aurkeztu behar diren lanak egiteko:
  • Hondakinak gaika biltzeak daukan garrantzia, eta ondo bereiztea edukiontzi bakoitzean —urdina, berdea eta horia— zein utzi behar den eta zein ez.
    • Herritarren esku-hartzea birziklatze-katean, ekonomia zirkularraren parte gisa.
    •  Birziklatze-lerro bakoitzean material desegokiak saihestu beharra, batez ere edukiontzi horikoak, horiek sortzen baitizkiete zalantza gehienak herritarrei, material-mota ugari hartzen dituztenez gero.
    • Zer ingurumen-onura dakarren hondakinak birziklatzeak: energia, lehengaiak eta ura aurreztea, eta gas kutsatzaile gutxiago aireratzea.
    • Bilgarriaren kontzeptua edo ideia, etxean hondakinak bereiztean, eta puntu berdearena, jakiteko zer den bilgarri bat eta zer ez eta, hartara, bilgarriak dagozkien edukiontzian uzteko.
  • Oinarri hauetan dagokion atalean azaltzen diren xehetasun teknikoak betetzea.
  • Datu hauek idaztea aurkezten den lanean: lanaren egile den edo diren pertsonaren edo pertsonen izen-abizenak, helbidea, izenburua, lanaren deskribapena eta harremanetarako telefono-zenbaki bat. Datu horiek ez dira erabiliko lehiaketa honetarako ez den inongo helburutarako. Lehiaketatatik kanpo geratuko dira datu horiek guztiak ez dituzten obrak.
  • Lan bakarra aurkez dezake pertsona edo pertsona-talde bakoitzak. Originala izan behar du lanak, eta beste inongo ekintzatarako hautatu gabea.
  • Ondorengo informazio-jarduerarako hautatutako lanetan aldaketak egin ahal izango dira, behar izanez gero, haien kokagune izango diren harmailadietara egokitzeko eta kanpaina sustatzen duten erakundeen logotipoak txertatzeko.
  • Lehiaketaren antolatzaileei soilei dagokie erreferentziako 24 harmailadiak hautatzea eta haietako bakoitzari zer lan esleitu erabakitzea.
  • Urtarrilaren 10ean hasten da lehiaketarako lanak aurkezteko epea, eta 2019ko otsailaren 28an amaitzen da.
  • Lehiaketa sustatzen duten erakundeetako ordezkariek eta diseinu grafikoaren alorrekoek osatuko dute epai-mahaia, eta berak banatuko ditu lehen hiru sariak; opari-txekeak, material grafikoa erosteko, hala nola programa informatikoak, pinturak, arkatzak, periferiko grafikoak eta/edo digitalak…. Lehen saria 400,00 eurokoa da; bigarrena, 300,00 eurokoa, eta hirugarrena, 200,00 eurokoa. Publikoaren accesit bat ere emango da, sentsibilizazio-kanpainaren amaieran, hautatutako 24 lanak instalatzen direnean. Material grafikoa erosteko opari-txeke bat, 150,00 eurokoa, emango zaio accesitaren irabazleari.
  • Lanak bereizmen handian bidali behar dira lehiaketaren antolatzaileek horretarako jarritako helbidera: eskala@sanmarko.eus. Fitxategia bolumen handikoa baldin bada, wetransfer edo antzekoren baten bidez bidali behar da lana aipatutako helbidera.
  • Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar hautatutako lanaren hedapena onartzea, baldin eta lana onartzen bada, Creative Commons (BY/NC/ND) lizentziaren pean.
  • Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauen atal guztiak onartzea.

Zehaztapen teknikoak.

  1. Programa hauetan aurkeztu behar dira fitxategi originalak: Illustrator, InDesign (.idml, bertsioen arteko bateraezintasunak saihesteko).
  2. Diseinuak egiteko irudiak erabiliz gero, irudiok lotetsita egon behar dute eta JPG, TIF edo EPS formatuan entregatu behar dira, CMYKn, kanalak eta geruzak sartu gabe. Jatorrizko irudi lotetsiei dagokien bereizmenak 60 dpi-ko kalitatea izan behar du gutxienez, hots, interpolatu gabe egon behar du irudiak, eta jatorrizko fitxategiaren tamainari egokituta.
  3. Jatorrizko fitxategiaren tamainak aurreikusitako harmailadien formatu estandarra izan behar du: 6 x 2,5 metro, edo 7 x 2 metro, zeinek 25 cm-ko 24 eta 30 kontramaila sortzen baitituzte, hurrenez hurren.
  4. Testurik baldin badago, trazatuta egon behar dute edo, bestela, zer tipografia erabili den adierazi behar da. Landutako irudiekiko independenteak izan behar dute testuek, hau da, 1. puntuan aipatutako oinarrizko programetatik sartuko dira.
  5. Testuek ez dute izan behar kontramaila baten tamaina estandarra baino handiagoak (25 cm). Hautatutako lanak hala behar izanez gero, lehiaketaren antolatzaileek egokitu egingo dituzte testuaren tamainak lana jartzeko hautatutako harmailadiko kontramailaren tamainaren arabera.
  6. Testuak aurkezten badira eta hizkuntza bakar batean baldin badaude idatzita, EAEko hizkuntza-politikara egokitu ahal izango dira, eta lehiakideek onartu egin behar dute antolatzaileek erkidegoko bi hizkuntza ofizialetara moldatzea: euskara eta gaztelania. Egokitzapen hori ezinezkoa baldin bada, lehiaketatik kanpo geratuko da lana.
  7. CMYKn tratatu behar da kolorea, errazago inprimatu ahal izateko.
  8. Formatuek proportzio angeluzuzena izan behar dute, eta formatu bertikala izan.